Buscar este blog

lunes, 25 de enero de 2010

EMAKUMEAREN AURKAKO INDARKERIARI EZ GEHIAGO! INOIZ!


Erosotasuneko gizarte honetan dauden bi gaitzetaz gogoeta txiki bat egitea egokitzen zait. Bere laburrean, irakurlearen baitan sakoneko hausnarketa sustatzeko asmoa duena. Norberaren baitakoa, benetakoa, zinismorik gabekoa, konfesaezinak gertatu arren edo horregatik beragatik, kontzientzia hartzea eskatzen duena.

Tolosan, mundu osoan bezala, krisiak jota gauden kontestua bizi dugu. Kontestu, honela itxaron dezagun, koiuntural edo puntuala. Alde baterakoa. Baina emakume eta gizon askok urte hasera larritasun dezentez bizi behar izan du.

Erakunde ezberdin, elkarte eta beste hainbat talde buru belarri ari da egoera honi buelta eman eta berriro ere “krisi” hitz madarikatu hori iritsi aurreko egoera paretsura buelta arazteko lanetan.

Hala ere, betidanik, eta noan jorratu beharreko lehen gaira, bazterketa egoerak bizi izan dira. Egoera hau, batzutan kointurala izanagatik, beste askorentzat iraunkorra den kontestu bat bihurtzen da. Azpilanetik, edota erakundeetatik jaso daitezkeen laguntzetatik, edota eskea edota beste mila bidetatik bizitza aurrera ateratzera ohitutako pertsonak. Arrazoiak? Askotarikoak.

Marginazio edo bazterkeria egoera horrek, pertsonaren garapen orokorrean hondamendia errazten dute, bere atal ezberdinetan. Eta azkenean ongizate mental, fisiko eta sozialean eragina izaten bukatzen du gehienetan.

Galdera da, egoera horretan bizi izateak berez dakarren pertsona batek dituen eskubideen galera edo ez. Azken finean, pertsona izaten jarraitzen du.Erantzunak argia dirudi: Ez.

Beste gizarte honetako gaitza. Desoreka. Gizon eta emakumeen eskubide eta egoeraren arteko mailatze ezberdina. Inor gutxik jar dezake datu objetiboekin zalantzan emakume eta gizonok osatzen dugun gizarte hau, gizonek gidatzen dutela bai atal ekonomiko , sozial, kultural, etab. –ean. Pausoak ematen ari gara guztion artean bretxa hau gainditzeko, baina gaur egun , oraindik gizartearen eraketa egitura matxistetan oinarritua dago eta horrek islada du botere guneetan, non ia erabat, salbuespenak salbuespen, gizonek duten azken hitza.

Hori ezezik, prekarietatearen, lan murgilduaren, soldata baxuen kopuru gehienek emakume izena dute.Esaterako, lan partzialean emakumea %24 a enplegatua badago, gizonezkoen %4 a dago egoera berdinean. Eta tenporalitateari dagokionean, emakumeak 2009 urteko azken hiruhilabetekoan 8, 7 puntu gehiago izan da, %27, 7 an kokatuz. Alegia, lan eremuan ere, emakumeak gizonezkoekin konparatuta egoera okerragoan daude.

Gogoeta orokorrarekin jarraituta, bazterkeriaren kontestuan ere emakumea okerrago dago. Beraz, bi aldiz galtzaile. Bazterkeria egoeran egoteagatik eta emakume izateagatik. Drama bikoitza. Baina gai bakoitzak bere erroak ditu, bere azterketa eremua eta konponbidean lanerako ildoak.

Elena Cal-ek, bere bizitzako azken urteak halabeharrezko egoera bikoitz horretan pasa zituen azken egunerarte. Eta funtsean, izen abizenak zituen emakume bat modu bortitzean hila izan da .

Zoritxarreko pribilegioa 2010 eko lehen emakume erahila Tolosan gertatu izana. Ea guztion artean, ez Tolosan , ez inon , ez inoiz inori honelakorik ez gertatzeko guztiok ere pixkat gehiago inplikatzen garen. Gizarte hobea egitea gure esku ere badagoelako.

Onintza Lasa

(Berdintasun zinegotzia, EA)
Argitaratua:

Tolosaldeko Hitza

No hay comentarios: