Buscar este blog

lunes, 19 de octubre de 2009

EMAKUMEAK LANDAN

Beauvoir-en esanari jarraituz, emakumea jaio ez baino egin egiten da. Genetikaz haratago doan zerbait, hots, kultura eta heziketarekin garatzen den zerbait da.

Gogoeta horrek emakume guztiontzat balio badezake ere , iragain Urriak 15 ean landa eremuan bizitzea aukeratu edota arrazoi bat edo besterengatik honela egokitu izan zaien emakumeak izan genituen gogoan bereziki Tolosan, Tolosaldean.


Kolektibo bezala, emakumeok baditugu hainbat puntu amankomunean. Kolektibo bezala, landa eremuan bizi diren pertsonek badituzte hainbat puntu amankomunean. Bainan bakoitzaren esperientzia, bizi historia berezia da. Bakarra.


Tolosako udalak sustaturik, profesional bikainen laguntzearekin guzti honen benetako protagonistek beren testigantza partikularra utzi digute. Aurrez aurrekoa. Ikus-entzuneko dokumentu bat.


Tolosako herriaren metro gehienak auzoen baitan badaude ere, beren presentzia eguneroko “kale” bizitzan ez da hain nabaria. Ez dute pixu berdina. Bainan emakume ikuspegi batetik, orain dela pare bat urte martxoak 8 ko aitzakiarekin argazki erakusketa bat antolatu genuen. Helburua? Topikoak hautsi eta ezjakintasunak, ezezagutzak ematen duen urruntasuna gutxitu.

Orduztik hona elkar lan oparoan jarraitu izan da eta elkarrekin egiten ari garen bidean, beste urrats gisa ulertu behar da dokumental hau.


Aukera izan da “kalean” ere, Kultur etxean ikus-entzuneko testigantza hau ikustekoa. Etorkizunean ere izango da parada lan hau ezagutzeko. Bi sentipen gailendu zaizkit batez ere. Batzutan hain gertuko, hain arazo beretsuak ditugu emakumeok, bainan kalekoentzat, bestetan, hain ezkutuko eta ezezagun egiten zaizkigu beste errealitate batzu. Eta dena dela, zenbat topiko eta aurreiritzirekin hausten den!


Nire bi amonak baserritarrak ziren eta gogoan ditut baserrira egindako bixitak. Neu “kaleumea” naiz . Nire egoeran hainbat eta hainbat emakume. Batzuk ordea,landan bizi eta disfrutatzea erabaki dute. Tolosan aukera bat edo besteren arteko distantzia kilometro gutxikoa da. Bainan mentalki askotan oso urruti kokatzen gara. Askotan ahaztuak ere sentitzera iritsi izan direla adierazten dute.


Ez da hori Tolosako udalak duen asmoa. Alderantziz, emakume guztion artean ehundutako sareak sendotasuna eta iraunkortasuna izan dezan saiatu behar dugu. Emakume jaio gara eta emakume izan nahi dugu gure osotasunean. Berdintasunean. Onarpenean. Kalean zein landa eremuan.

Bedaion izan genuen lehen emanaldi publikoa. Bertan, ikusi eta entzundakoaren inguruko eztabaida bat eman zen. Eta zer nahi duzue esatea? Ni askotan oso identifikatuta sentitu nintzen “kalekoa” izanik ere.


Onintza Lasa




No hay comentarios: