Buscar este blog

jueves, 28 de febrero de 2008

Tolosako Udalak Osoko Bilkuran onartutako mozioa (2008/02/26)

XXI. Mendearen hasieran emakume eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez aurrera pauso garrantzitsuak eman direla baiezta dezakegu. Horren erakusle dira burututako berdintasun legeak edo sinatutako hitzarmen zein gutun. Lan guzti horrek bere fruituak eman ditu, horren adibide argia da partaidetza politikoan, orokorrean, emakumeen kopuruan eman den igoera (emakume zinegotzien eta emakume Alkateen kopurua 879 eta 49koa da, hurrenez hurren, hau da, ordezkari guztien %38,5 eta %19,52). Kopuruetan izandako igoera horrek bilakaera positiboa erakusten du; horren haritik, bilakaera azkartu egin da, Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Euskal Legean aurrikusitako berdintasun-neurriak lehenengo aldiz aplikatu direnetik. Baina ez dugu ahaztu behar berdintasunaren eskakizunak, eta, beraz, Euskal Legea bera, gizartean zein instituzioetan, toki mailan eta Europa eta nazioarte mailan, bultzatutako ekintza ugariren emaitza dela.

Argi dago emakume eta gizonen arteko berdintasuna, geroz eta gehiago, lehentasun bat bilakatzen ari dela, demokrazia kontu bat delako. Baina ezin dugu ahaztu hori hasiera besterik ez dela, jaio berri diren legeak, hitzarmen zein gutun asko daukate oraindik eraldatzeko. Ezin dugu ahaztu bereizkeria oraindik agerian dagoela. Horregatik garrantzitsua da aurre pausoen artean ere egiteko dagoena ikustaratzea. Errealitate latz horren erakusle dira argitaratu diren hainbat datu, adibidez:

- Euskal Autonomia Erkidegoan gizonezkoen soldata emakumeak baino %34,7 altuagoa da orokorrean, lanaldi partzialeko kontratuak dituztenen artean %84a emakumeak dira eta Enpresetako zuzendaritza batzordetan 85 gizoneko 15emakume daude. Gainera, lanean kontraturik gabe diharduten pertsonen artean %77,2a emakumeak dira.

- Etxeko lanei dagokionez, etxe barruan ordaindu gabe lan egiten dutenen artean %75a emakumezkoak dira. Etxe barruan soldatarekin lan egiten duten emakumeen artean %67a ez dute gizarte-segurantzan alta hartu. Horietatik barne-langileetatik (internas) %87,3rak 10 ordu baino gehiago egiten dute lan egunean eta gizarte-segurantzan alta hartu dutenen artean %79a.

- Emakumea eta landa eremuari dagokionez, lehenengo gakoa datuen falta da. Oso ikerketa gutxi bideratu dira gairen inguruan. Baina gaian jardun dutenen artean argi ikusten dituzten arazoak hurrengo hauek dira: langile izatearen errekonozimendu falta, gizarte-asegurantzan alta hartzeko zailtasunak, gizonezkoek lana kanpoan egiten dutenean emakumezkoak dira lurra lantzen eta etxean lan egiten dutenak.

Esandako guztia kontutan izanda argi dago asko dagoela egiteko. Egia da Tolosako Udalean gaiari eutsi diogula eta hartu dugula konpromisoa, beraz, gurea da erantzukizuna berdintasunaren alde lanean jarraitzeko. Horregatik, eta erronka hau eguneroko lana dela jakinik, sei hilabeteko epearen barruan:

- Europar gutunean sinatutakoaren ildotik jarraituko dugu esparru ezberdinetan.

- Jabekuntza eskolaren lan ildoak finkatzen hasiko gara.

- Tolosako emakume ezberdinen talde edo sarea osatzen joango gara, Udalarekin bat genero gaietan elkar lanean aritu gaitezen.

- Eta hortaz gain, 2008ko martxoak 8an Tolosan, bereziki landa eremuko emakumeen papera azpimarratu nahi dugu, horretarako bereziki antolatu ditugun hainbat ekitaldi aurrera eramanez.

No hay comentarios: