Buscar este blog

martes, 1 de enero de 2008

Eskubide urdinak eta larrosak?

Berria da zinegotzigo hau. Zaharra eta aspaldikoa da, ordea, gizonen eta emakumeen, arren eta emeen arteko dikotomia eta horren arabera garatutako gizarte-egitura. Hain dago barneraturik banaketa hori ezen askotan konturatu ere ez garen egiten desberdintasun objetibo horren atzean ematen den diskriminazioaz.

Tolosako Udalak aspaldidanik izan du kontuan berdintasunaren alde jokatu beharra baina oraingoan beste urrats bat ematea erabaki du berezko entitatea izango duen zinegotzigo hau sortuz. Beste gai batzuetan hain zaila izaten den adostasuna ere nabarmendu behar dut, udal talde guztiek aho batez onartu baitute eta babes osoa eman diote zinegotzigo berri honi oraindik egiteke ditugun hainbat kontutan Europako Gutunak dioena betetzeko.

Hori horrela, erronka asko ditugu esparru guztietan pertsona guztien arteko berdintasuna, legez soilik ez baino, erreala izan dadin. Zer dela-eta soldata txikiagoa emakumeek? Zergatik ote etxeko-lanen banaketan emakumeek denbora gehiago pasatzea? Zergatik ote botere-guneetan emakume gutxi aurkitzea? Legez ez dago debekurik, ez oharrik. Gizarte-egituraren banaketa “sexuatuak” eragin ditu, eta mendeetan zehar eraikitako moldeak aldatzea zaila da. Zaila baina era berean ezinbestekoa!

Kanpainek eta, oro har, sentsibilizazio-jarduerek berebiziko garrantzia hartuko dute gurean; izan ere, lehen aipatu dudan bezala, maiz erabat errotuta dauden buru-eskemak dira aldatu beharrekoak.

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Eguna, azaroak 25, atarian dugula aprobetxatuz, gure herriak ere bat egingo du salaketa eta sentsibilizazio-kanpaina horrekin eta zinegotzigo berri honetatik hainbat ekimen abiaraziko dira tolosarrok ere berdintasun errealaren aldeko aurrerapausuak eman ditzagun.

Horrelako ekimenak garrantzitsuak dira, zalantzarik gabe, baina zinegotzigoaren jardueraren barruan berebiziko garrantzia eman nahi diogu, aldiz, garatu beharreko Berdintasun Planari. Ezinbesteko neurria eta tresna izango dela deritzot, eta horretarako orain arte egindako lanak eta Europako Gutunean jasotzen diren ildoak kontuan hartuko ditugu.

Azken batean, honetaz ari garenean giza eskubideez ari gara. Demokraziaz, hitz batean. Eskubideak berdinak al dira guztiontzat ala bigarren mailakoak ote emakumezkoenak? Eskubide urdinak eta larrosak ote? Tolosako Udalak ez du zalantzarik, eta zuk?

Onintza Lasa

No hay comentarios: